PuntuSoziala 2021-2022 irabazlea: Biziberritu

Aukeratu dugu honezkero PuntuSoziala 2021-2022 edizioko irabazlea! Eta, ondorioz, BIZIBERRITU proiektuak urtebetez TaPuntu kooperatibaren zerbitzuak doan jasoko ditugu. Horretarako, datozen egunetan beraiekin elkartuko gara, urtean zehar egingo dugun lanketa finkatzeko.

Euren egoera aztertu ostean, estrategia bat finkatuko dugu eta honi esker lanean hasiko gara. Hementxe izango duzue prozesuaren berri!

Bide batez, eskerrak eman beste proiektu aurkeztuei eta, nola ez, atzean geratu diren beste bi finalistei. Oso zaila izan da aukeraketa, proiektuak oso politak baitira… Dena den, gogoratu hurrengo edizioan izena emateko aukera izango duzuela.

Eskerrik asko era berean ARGIA eta PuntuEUS Fundazioari prozesuan euren alea jartzeagatik ere. Mila esker!

BIZIBERRITU proiektua ezagutu nahi?

Sustatzaileak: Larraitz Esnaola eta Alexander Barandiaran

Proiektua

Proiektuaren helburu nagusia enpresetako material soberakina eta material akatsduna berrerabili eta hezkuntza munduaren esku jartzea da. Eta ildo beretik, hezkuntzako profesionalei aholkularitza eman, material horren erabilpen aukerei buruz… hausnartuz, esperimentazioaren munduan murgilduz eta sortzaile senari helduz. Proiektua gizartearentzat oso garrantzitsua dela diote, nagusiki jasangarritasunari heltzeko apustu zuzena egin nahi dutelako eta enpresetako hondakinak diren materialak berrerabiltzeko apustua egiten dutelako.

Beharrak

Proiektua hasten ari den proiektu bat izanik, poliki poliki handi bilakatzen joatea espero dute, eta une honetan proiektuak kanpora begira duen presentzian beharko luke laguntza, arlo zehatz hauetan esaterako: sare sozialak, logoa, izena, publizitatea, komunikazioa, diseinua, txantiloiak, dokumentuen itsura bateratua…

Has gaitezen lanean bada!