Biziberritu proiektuarekin urtebetez eta doan landuko duguna

Aurreko sarreran aipatu moduan, Biziberritu da aurtengo PuntuSoziala egitasmoaren irabazlea eta, beraz, urtebetez haien online presentzia hobetzen lagunduko diegu, proiektua indartzeko asmoz.

Urriaren 29an aukeratu genuen PuntuSoziala egitasmoaren laugarren edizioko irabazlea, nahiz eta aurkeztu ziren proiektuek ez ziguten lana erraz jarri.

Proiektuaren helburu nagusia enpresetako material soberakina eta material akatsduna berrerabili eta hezkuntza munduaren esku jartzea da. Eta ildo beretik, hezkuntzako profesionalei aholkularitza eman, material horren erabilpen aukerei buruz… hausnartuz, esperimentazioaren munduan murgilduz eta sortzaile senari helduz. Proiektua gizartearentzat oso garrantzitsua dela diote, nagusiki jasangarritasunari heltzeko apustu zuzena egin nahi dutelako eta enpresetako hondakinak diren materialak berrerabiltzeko apustua egiten dutelako.

Lanketaren hasiera

Ezer baino lehen, proiektuaren egoera aztertzea da TaPuntuko kideon lehen lana, proiektuaren behar nagusiak aztertu eta urtebeteko doako lanketan zertan lagundu dezakegun aztertzeko.

Aurreko asteetan beraiekin biltzeko aukera izan dugu eta euren proeiktua ezagutzeko parada ere!

Hona hemen honezkero hasi dugun lanketan zehar landuko diren arloak:

  1. Proiektuaren izena mantentzea erabaki dugu, baina claim bat landuko dugu. Markari irudi bat emango diogu eta iruditegi bat osatuko dugu. Lanketa honekin Biziberritu zer den azalduko duen euskarri digital bat sortuko dugu bezeroei begira, eta marka liburua definituko dugu.
  2. Proiektuaren webgunea eguneratuko dugu. Bertan materialen katalogoa eskegitzeaz gain, informazioa ondo sailkatua eta irudi berrira egokitua igoko dugu. Sare sozialetan hedapenean laguntzeko aholkularitza emango diegu.
  3. Azkenik, eta behin nortasun digitala eraikita, bideo bat egingo dugu. Bideo honen helburua Biziberrituren katea erakustea izango da, materialaren sorreratik hezkuntzan bere aplikaziorarte.
Era berean, eta Puntu EUS Fundazioari esker biziberritu.eus urtebetez doan luzatuko dugu, eta Argia aldizkarian erreportajea izango du proiektuak.

Polita da laugarren urtez gizartean eragin positiboa duen egitasmo bati lagundu eta bere eragina gizarteratzen laguntzea!