3 finalistak aukeratu ditugu

Badoa aurrera PuntuSoziala egitasmoaren laugarren edizioko irabazlearen aukeraketa. Oraingoz, lehen hiru finalistak aukeratu ditugu: Esperimentazioan sakontuz Biziberritu proiektua, Mauritania- Euskadi Soziokulturala Elkartea eta Iñurri – Minbiziaren aurkako elkartea.

Urriaren 13an amaitu zen PuntuSoziala egitasmoaren laugarren edizio honetara proiektuak aurkezteko epea eta aurtengoan hamabi proposamen jaso ditugu. Honen ostean, TaPuntuko lantaldea osatzen dugun zazpi pertsonek proiektuak aztertu eta bozkatu genituen. Arestian aipatu gisa, hauek izan dira aukeratutako hiru finalistak:

  1. Esperimentazioan sakonduz Biziberritu proiektua
  2. Mauritania – Euskadi soziokulturala elkartea
  3. Iñurri – Minbiziaren aurkako elkartea

Urriaren 26ra arte proiektu hauen arduradunekin bilduko gara proiektu bakoitzaren xehetasunak sakonean ezagutu eta proiektuaren beharrak identifikatzeko asmoz.

Horri esker, gizartean duten eragina neurtzeko aukera izango dugu, euren behar zehatzak gertuagotik ezagutu eta ekintzaileak ezagutzeko aukera izango dugu. Modu honetan, aurtengo irabazlea aukeratuko dugu.

Era berean, eta aurten lehen aldiz, gure laguntzaileak diren PuntuEUS Fundazioa eta ARGIAren bozka ere kontutan izango dugu irabazlea aukeratzeko orduan.

Adi gurera, urriaren 29an jakinaraziko baitugu proiektu irabazlea.

Zorionak hiru finalistei eta mila esker zuen proiektua aurkeztu duzuen guztioi, ederrak baitira eskuartean dituzuen proiektuak, den denak! Oso zaila izan da aukeraketa…