PuntuSoziala 2016-2017: Basherri Sarea

Basherri Sareak Gipuzkoako Kontsumo talde eta kooperatibak barnebiltzen ditu. PuntuSoziala egitasmoaren lehen irabazle gisa aukeratu genuen gizartean eragin zuzena izateagatik, komunikazio arloan gabezia garrantzitsuak zituelako, hauek gauzatzeko baliabide urriak zituztelako eta bultzada baten beharra ikusten zitzaielako. Urtebetez honako arloak landu genituen:

Bideo korporatiboa

TaPuntu Basherri Sarearen bideoa grabatzen, PuntuSoziala

Proiektua aurkezteko balio duen bideo korporatiboa grabatu eta editatu genuen. Horretarako, Asteasu, Beizama eta Irunen grabazio saioak burutu eta edizioan elementu dinamikoak txertatu genituen. “Zein dira Basherri Sareko talde guztiok partekatzen ditugun eta gure taldeen erdigunean jarri nahi ditugun irizpideak?” galderari erantzuna ematen saiatu ginen.

Sare sozialen estrategia

Basherri Sarearekin sare sozialen estrategia formazioa PuntuSoziala egitasmoan

Sare sozialen estrategia bat garatu genuen. Honen helburua sare sozialetan eraginkorragoak izatea zen. Lehen pausua Basherri Sareko arduradunarekin egoera aztertzea izan zen, sare sozial hauen hartzaileak aztertu eta helburuak definitzeko. Horren ostean, estrategiaren garapena burutu genuen eta, azkenik, emandako irizpideak abian jartzeko formazioa eskaini.

Mailing kanpainak

Urtebeteko lanketa amaitzeko, mailing kanpainak egiten ikasteko formazioa eskaini genion Basherri Sareari.

Edizioaren laburpen bideoa

Laburpen bideo bat osatu genuen Basherri Sareko Ioanaren laguntzaz, urtean zehar egindako lanketa azaldu eta hurrengo edizioaren izen-emateak sustatzeko.