PuntuSoziala 2021-22 martxan da!

Martxan da honezkero PuntuSoziala 2021-2022! Hilabetez zabalik egongo da bertan izena emateko aukera. Gizartean eragin positiboa duen egitasmo bat saritzeko xedez jaio zen PuntuSoziala. Irabazleak sarean duen presentzia hobetzeko zerbitzuak DOAN jasoko ditu urte betez.

Dakizuenez, TaPuntu kooperatibako lantaldeak sustatutako proiektua da hau, enpresak gizarte eraldaketarako tresna garrantzitsua direla jakitun, gizarteari ekarpen positibo bat egiteko asmoz. Bi arlo nagusitan lantzen dugu gure alde sozial hau: PuntuSoziala egitasmoaren bidez eta urtean behin ospatzen dugun NortasunaSarean jardunaldiaren bidez.

Aurreko urteetan zabaldutako bideari jarraituz

2017. urtean ekin genion PuntuSozialari eta eta ordundik hiru edizio izan ditu egitasmoak. Lehen edizioan Basherri sarearekin lan egin eta gero, bigarren edizioan Biak bat elkartea izan genuen lanketaren protagonista. Azken edizioan ordea, Igeldoko Kooperatiba izan genuen egitasmoaren sariduna.

PuntuSozialaren laugarren edizioa hurrengo faseetan zehar gauzatuko da:

2021ko irailaren 13tik urriaren 13ra: Proposamenak aurkezteko epea.
Urriaren 15an: Hiru proiektu finalisten aukeraketa.
Urriaren 18etik 26ra: Proiektu finalistak ezagutzea.
Urriaren 29an: Proiektu irabazlearen aukeraketa.
2021ko azaroaren 1etik 2021ko uztailaren 29ra: marketin digitala, diseinu grafikoa, formazioa eta multimedia arloetako doako lanketa urtebetez.

Nola?

Behin irabazlea aukeratuta, urtebeteko DOAKO lanketak hiru fase nagusi izango ditu:

  1. Egoera aztertu: Proiektuak bere zabalkuntzan dituen arazoak aztertuko ditugu, zailtasun eta erronkak identifikatuz.
  2. Estrategia garatu: Aurrera begirako aukerak atzeman eta hauek lortzeko estrategia garatuko dugu.
  3. Lanari ekin!: Urtebeteko plangintza bat osatuko dugu. Proiektuak TaPunturen zerbitzuak doan jasoko ditu eta, behar izanez gero, eragile gehiagoren elkarlana gauzatuko da.

Interkooperatibismoa oinarri

Zergatik ez? Gure ogibidea aurrera eramateaz gain, gure giza garapena eta gizartearen garapena bera bultzatzea ere badira gure helburuak. Interkooperatibismoa oinarri, hainbat erakunde edo bolondresen kooperazioz, komunikazio alorra lantzeko laguntza behar duen proiektu sozial bati bultzada emango diogu berriro ere.

Eman izena web-orriko Parte Hartu atalean dagoen formularioa betez. Eta arin ibili, epea hilabete barru (urriaren 13an) itxiko da eta!