Irudi korporatibo berria du Biak Bat elkarteak

Kontatu genizuen moduan, Biak Bat elkartearekin urtebetez egiten ari garen lanketaren baitan, lehen pausua beraien irudi korporatibo berria sortzea izango zen.

Proiektu guztien kasuan bezala, denborak aurrera egin ahala hauek eraldatzen joaten dira. Aldaketa horiekin batera, komenigarria izaten da irudi korporatiboa ere eguneratu eta garai berrietara moldatzea. Horixe da, hain zuzen ere, Biak Bat elkartearen irudiarekin egin duguna.

Ezer baino lehen, logotipo zaharra aztertzeari ekin genion eta, horrekin batera, Biak Bat-eko lantaldearen iritzi eta proposamenak jaso genituen.

Biak Bat logotipo zaharra

Logotipo zaharraren oinarria mantentzea adostu zen; alegia, garrantzitsua zen gizakien eta animalien arteko lanketa irudikatzea. Hariari tiraka, konturatu ginen ere ez zela nahikoa logotipo nagusi bat egitearekin: beharrezkoa zen Biak Bat-en beste zerbitzuak (Terapia Programak eta Formakuntza) irudikatuko zituzten azpi-logotipoak ere sortzea.

Hainbat zirriborro eta zuzenketen ondoren, irudi korporatiboa osatzera iritsi ginen elkarrekin. Logotipo nagusiak eta bi azpi-logoek hiru bertsio dituzte, ondoren euskarri ezberdinetan modu egokian erabili ahal izateko. Hementxe emaitza:

Biak Bat logotipo berriak

Hemendik aurrera Biak Bat-ek badu bere jarduna irudikatuko duen irudi korporatibo gaurkotua eta baita denboran zehar modu egokian erabiltzen jarraitzeko gidaliburua ere.

Urtebeteko lanketaren bigarren zatian bideo korporatiboa osatzen ari gara. Laster erakutsiko dizuegu honen emaitza ere. Egon adi!