Biak Bat eta TaPunturen arteko bilera, PuntuSozialaren lanketa erabakitzeko

Urtebetez eta doan Biak Bat elkartearekin landuko duguna

Aurreko sarreran aipatu moduan, Biak Bat Elkartea da aurtengo PuntuSoziala egitasmoaren irabazlea eta, beraz, urtebetez haien online presentzia hobetzen lagunduko diegu, proiektua indartzeko asmoz.

Urriaren 13an aukeratu genuen PuntuSoziala egitasmoaren bigarren edizioko irabazlea, nahiz eta aurkeztu ziren proiektuek ez ziguten lana erraz jarri. Irabazi asmorik gabeko elkarte honen helburua pertsonen bizitza kalitatea hobetzea da, animalien laguntzaz. Eta bereziki behar bereziak dituzten pertsonei zuzendutako ekintzak aurrera eramatea. Baita autismoa, mugikortasun arazoak edota hipogluzemia duten pertsonei laguntzea ere.

Lanketaren hasiera

Biak Bat eta TaPunturen arteko bilera, PuntuSozialaren lanketa erabakitzeko

Ezer baino lehen, proiektuaren egoera aztertzea da TaPuntuko kideon lehen lana, proiektuaren behar nagusiak aztertu eta urtebeteko doako lanketan zertan lagundu dezakegun aztertzeko.

Euskal Herriko meteorologia medio, Altsasura bidean buelta erdia eman behar izan genuen lehen saiakeran. Bigarren saiakeran, aldiz, Biak Bat Elkarteko lantaldeko kideekin haien egoitzan biltzeko aukera izan genuen.

Hona hemen honezkero hasi dugun lanketan zehar landuko diren arloak:

  1. Martxora bitarte, Biak Bat elkartearen logotipoa eta irudi korporatiboa berdiseinatuko dugu, itxura gaurkotuagoa eman eta abian dituzten proiektu ezberdinen lotura sendoagoa izateko asmoz.
  2. Apiriletik ekainera elkartearen jarduna azalduko duen bideoa grabatu eta editatuko dugu.
  3. Azkenik, uztailetik irailera web-orri berri bat garatuko dugu, informazioa hobeto zabaltzea ahalbidetuko duena. Formazio baten bidez elkarteko kideak ahaldunduko ditugu, aurrerantzean beraien kabuz mantentzeko gai izan daitezen.

Polita da bigarren urtez gizartean eragin positiboa duen egitasmo bati lagundu eta bere eragina gizarteratzen laguntzea!