PuntuSoziala irabazlea

Basherri sarea proiektua da irabazlea!

Ez da erraza izan 2016-2017 PuntuSoziala egitasmoko proiektu irabazlea aukeratzea.

14 proiektu aurkeztu dira lehen edizio honetan, zein baino zein interesgarriagoa: Euskaragara, lasterketak.eus, Ene amatxo, Jalgune, Sharetu, Basherri sarea, Landaberri ikastolako guraso elkartea, Haziak egitasmoa, Boga garagardo kooperatiba, Saregune, Koop57 EH, Bizipoza, Uliako lore-baratzak eta 12Nubes.

Gizartean eragin zuzena izateagatik, bultzada baten beharra duelako, komunikazio gabezia garrantzitsuak dituztelako eta hauek gauzatzeko baliabide urriak dituztelako, hauxe izan da proiektu aukeratua.

Basherri sarea Gipuzkoako kontsumo talde eta kooperatiba ekologikoek osatzen dute. Beraien helburuak kontsumo konszientea gizarteratzea, eraldaketa soziala gauzatzea eta elikadura burujabetza bultzatzea dira.

Hemendik aurrera, beraiekin azterketa sakon bat egin eta urtebetez aurrera eramango ditugun pausoak honakoak dira:

  1. Egoera aztertuko dugu, proiektuak bere zabalkuntzan dituen arazoak aztertuz eta zailtasun eta erronkak identifikatuz.
  2. Beharrezko estrategia garatuko dugu, aurrera begirako aukerak atzemanez eta hauek lortzeko estrategia garatuz
  3. Azkenik, lanari ekingo diogu, urtebeten zehar sorturiko plangintza gauzatuz. Behar izanez gero, eragile gehiagoren elkarlana bilatu eta gauzatuko da.

Zorionak bihotz-bihotzez TaPuntuko lantalde guztiaren partez proiektu irabazleari eta, nola ez, mila esker aurkeztu zareten beste proiektu guztiei. Gizarteari egiten dizkiozuen ekarpenak ezinbestekoak dira eta, guztiei lagundu nahiko genizukeen arren, aurtengoan proiektu bakarra izan da aukeratua. Datorren edizioan izango duzue beste aukera bat!