PuntuSoziala egitasmoa

Abian da PuntuSoziala 2017-2018. Eman izena!

Martxan da honezkero PuntuSoziala 2017-2018! Hilabetez zabalik egongo da bertan izena emateko aukera. Gizartean eragin positiboa duen egitasmo bat saritzeko xedez jaio zen PuntuSoziala. Irabazleak sarean duen presentzia hobetzeko zerbitzuak DOAN jasoko ditu urte betez.

Dakizuenez, TaPuntu kooperatibako lantaldeak sustatutako proiektua da hau, enpresak gizarte eraldaketarako tresna garrantzitsua direla jakitun, gizarteari ekarpen positibo bat egiteko asmoz. Bi arlo nagusitan lantzen dugu gure alde sozial hau: PuntuSoziala egitasmoaren bidez eta urtean behin ospatzen dugun NortasunaSarean jardunaldiaren bidez.

Lehengo urtean zabaldutako bideari jarraituz

2017. urtean ekin genion PuntuSozialari eta duela egun gutxi amaitu dugu lehen edizioko irabazlearekin egindako lanketa. Aurkeztu ziren hamalau proiektuen artean Basherri Sarea izan zen aukeratua. Web-orriko blogean kontatzen joan garen moduan, hauek izan dira egindako lan nagusiak: Basherri Sarearen jarduna azaltzen duen bideo korporatiboa grabatu eta editatzea, Basherri Sarearen sare sozialen estrategia garatzea, honen inguruko formazioa eskaintzea eta e-mail marketin kanpainak egiteko formazioa eskaintzea.

Faseak

PuntuSozialaren bigarren edizioa hurrengo faseetan zehar gauzatuko da:

  • 2017ko irailaren 6tik urriaren 6ra: Proposamenak aurkezteko epea.
  • Urriaren 6an: Hiru proiektu finalisten aukeraketa.
  • Urriaren 10etik 13ra: Proiektu finalistak ezagutzea.
  • Urriaren 13an: Proiektu irabazlearen aukeraketa.
  • 2017ko urriaren 16tik 2018ko abuztuaren 31ra: Online presentziaren doako lanketa urtebetez.

Nola?

Behin irabazlea aukeratuta, urtebeteko DOAKO lanketak hiru fase nagusi izango ditu:

  1. Egoera aztertu: Proiektuak bere zabalkuntzan dituen arazoak aztertuko ditugu, zailtasun eta erronkak identifikatuz.
  2. Estrategia garatu: Aurrera begirako aukerak atzeman eta hauek lortzeko estrategia garatuko dugu.
  3. Lanari ekin!: Urtebeteko plangintza bat osatuko dugu. Proiektuak TaPunturen zerbitzuak doan jasoko ditu eta, behar izanez gero, eragile gehiagoren elkarlana gauzatuko da.

Interkooperatibismoa oinarri

Zergatik ez? Gure ogibidea aurrera eramateaz gain, gure giza garapena eta gizartearen garapena bera bultzatzea ere badira gure helburuak. Interkooperatibismoa oinarri, hainbat erakunde edo bolondresen kooperazioz, komunikazio alorra lantzeko laguntza behar duen proiektu sozial bati bultzada emango diogu berriro ere.

 

Eman izena web-orriko Parte Hartu atalean dagoen formularioa betez. Eta arin ibili, epea hilabete barru (urriaren 6an) itxiko da eta!

EMAN IZENA